Lan honetan emakume eta gizonek lanean igarotako denboraren erabilera aztertuko dut, baina batez ere, zaintza eta etxeko lanetan zentratuko naiz, zehazki, ordaindu gabe egiten diren zaintza eta etxeko lanei emango diodalarik garrantzia.
Oraindik sexuan oinarritutako lanaren zatiketa dago eta horri aurre egiteko funtsezkoa da errealitatea aurkeztea: lehenengo eta behin, emakume askok ea berdinak garen galdetzen diote beren buruari, izan ere, nola ulertu daiteke oraindik emakume eta gizonen artean soldata desberdintasunak jarraitzea, menpekotasun ekonomikoa eraginez eta emakumeen pobrezia eta prekaritatea sortuz?; nola da posible emakumeak gizonek baino formakuntza gehiago izan, enpleguan haien antzera lan egin eta etxean askoz ere gehiago eta hala eta guztiz, gizonek baino gutxiago irabaztea? Beste aldetik berriz, indarkeria matxistaren kasua aurkitzen dugu. Nola da posible, ekonomikoki menpekoak eta indarkeria matxistaren biktimak izatearen kasuan, hauek egoera horretatik alde egiteko aukerarik ez dutenaren ideia ezkutuan mantendu izana? “Genero Indarkeriaren aurkako Estatuaren Akordioa”-k 1 ez du aitortzen oinarrizkoa den premisa bat: bitarteko ekonomikorik gabe, biktimak bere biziari buruz ezin duela erabaki, zehazki.
Horrez gain, nola lortuko da soldatari dagokionean berdintasuna, benetan emakumeei familian zaintza beharren bat sortzen denean beraien soldatari uko egitea eskaintzen bazaie? eta azkenik, nola da posible esatea gizonek emakumeen pare zaindu behar dutela, enplegu/zaintzaren sistema gizonak familiarengandik urrun eta 24 ordutan enpresentzat disponible egoteko antolatuta badago (Pazos, 2018). Esan behar da, arau eta erregelek funtsezko eginkizuna dutela Estatuan, merkatuan eta familian ezartzen diren harremanetan, eta harreman horiek neurri handi batean, genero harremanetan oinarritzen direla (Espino, 2010:4).